Jira eta buelta autobus geltokiari

Eneko Goiaren Artikuloa

Uste dut jadanik guztiok garbi daukagula ez dagoela Donostian autobus geltokia eraikitzeko toki perfekturik. Hori argi izatea garrantzitsua da une honetan, bestelakoan ezinezkoa baita gertatzen ari dena ulertzea. Diodanaren frogarik argienak 20 urtetan zehar ditxosozko geltokia eraikitzeko aztertu eta baztertu diren kokapen ezberdinak dira.

Aurreko legealdiaren amaiera aldera bazirudien ordea gai hau behin betirako argituko zela: Eztabaida asko izan ondoren, Autobus geltokia Atotxan eraikiko zen. Udal hauteskundeetako emaitzen gainetik erabakia atzera bueltarik gabekoa zela adierazten zuen datu garrantzitsuena kontratuaren adjudikazioa izan zen.

Baina Bildu etorri zen eta betiko eztabaidara itzuli ginen. Hasiera hasieratik Udal Gobernuak bere zalantzak adierazi zituen autobus geltokiaren kokapenaren inguruan. Ez zekiten zer egin, eta Alderdi Popularra izan zen Loiolako Erriberetako aukera lantzeko beta eman ziena. Orduan erabaki zuten Atotxako kontratua etetea eta Erriberetan oinarrizko proiektua lantzen hastea, hasieran ibaitik gertuago dagoen lursailean eta gero Oroimenaren Lorategian.

Eta horrela iritsi gara egungo egoerara; Atotxa egiteko kontratuaren bigarren etenaldia erabaki da eta azkenean egingo denaren inguruko zalantzak areagotu dira. Eta hori da hain zuzen ere guretzat eman daitekeen egoerarik txarrena. Erabakiak hartzen eta mantentzen ikasten ez badugu tren guztiak galtzeko arrisku larria izango dugu. Autobus geltokiaren gai hau jokatzeko modu honen adierazgarri tamalgarria da, bide berdina daramaten Tabakalera proiektuarekin batera edota hondakinen tratamenduaren gaiarekin batera. Espiral antzu batetara garamatzan jokabidea hain zuzen ere.

Hala eta guztiz ere, onartu beharra daukat ezker abertzaleak gai honekin duen egoskorkeriak batzutan zalantzak sorrarazten dizkidala. Zeinek ez du gai honen inguruan noizbait pentsatu: Arrazoia badute? Eta gu oker bagabiltza? Egia da EAJk bere garaian autobus geltokia Loiola Erriberetan kokatzea defendatu zuela, teorian Renfe eta Eusko Trenekin lotura bertan egitea posible zelako. Eta zalantzaren sentimendua izan da gai hau seriotasun osoz aztertzera eraman gaituena. Batzuek uste dutenaren kontra, gure jokabidea ez da inondik inora izan eta izango Udal Gobernua izorratzeagatik izorratzea.

Denbora honetan konturatu naiz ordea gaindiezina den ikuspegi ezberdintasuna dagoela Udal Gobernuaren eta gure artean: Gure iritzia da Donostian ez dagoela perfektua den kokapenik autobus geltokia eraikitzeko, aldiz Bilduk egi absolutu bihurtu du Erriberetako kokapena (Ezker abertzaleak gai guztiekin duen arazoa ote?). Kokapen perfekturik ez dagoela esateko arrazoiak oso bistakoak dira: Erriberetan topoarekin lortzen den lotura Atotxan galdu egiten da, baina Atotxan Abiadura Handiko Trenarekin posible den lotura ezinezkoa suertatzen da Erriberetan. Egia da autobusentzat zailagoa dela Atotxara iristea Erriberetara iristea baino, aldiz erabiltzailearentzat askoz ere zentralagoa da Atotxa Erriberetako kokapena baino. Aukeratzea dagokigu beraz.

Guk aspaldi egin genuen aukera. Ulertu ditzaket Atotxaren inguruan batzuek dituzten zalantzak. Eta ulertu ditzaket geltokia Atotxan eraikitzea neurri handi batetan apustua delako. Tabakalera eta Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren proiektuei lotuta dagoen apustua hain zuzen ere. Proiektu horiek guztiek gure Hirian erdigune berri bat sortzeko aukera eskaintzen digute. Eta guk apustu horretan sinisten dugu. Zalantza izpirik gabe, autobusen, tranbien edo metroen gainetik, Abiadura Handiko Trena Donostiara iristea izango delako hurrengo urteetan ezagutuko dugun aldaketarik nabarmenena. Ez dakit horrek suposatzen duenaz ohartzen garen. Espero dudan bakarra da aukera horretaz baliatzen jakitea, baina horretarako behar beharrezkoa izango zaigu erabakiak hartzen ikastea, eta batez ere erabaki horiek mantentzen ikastea.

This entry was posted in Bloga, Albisteak and tagged , , , , , . Bookmark the permalink. Post a comment or leave a trackback: Trackback URL.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *

*
*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>